lunes, 12 de noviembre de 2007

Iguazúko ur-jauzien kondaira


Orain dela urte asko, mundua oraindik berria zenean, Iguazú ibaian izugarrizko sugea bizi omen zen. Leku horretako gizakiak, guaraní-ak, ibaitik urrun ibiltzen ziren, sugearen beldur bizi baitziren. Gainera, urtero sugeak sakrifizioa eragiten omen zien: guaraní-ek tribuko dontzeila aukeratu behar izaten zuten eta ibaira bota, opari gisa sugearentzat.

Horrela pasa ziren urteak.


Baina egun batean Tarobá kazikeak agintea bere gain hartu zuen. Sakrifizioaren bezpera helduta, dontzeila aukeratuta, Tarobá-k uko egin zion neska hiltzeari. Dontzeilak Naipí zuen izena eta oso polita omen zen. Luze-luzea zuen ilea eta gaua bezain beltza.


Tarobá-k asko eztabaidatu arren, ez zuen lortu tribuko adinduei kontra egiterik. Orduan, neska bahitzea bururatu zitzaion. Gauean, tribukoak lotan zeudenean, Tarobá neskarekin irten zen bere kanoan.


Hala ere, sugea konturatu zen hortaz. Hainbeste haserretu zenez, bizkarraren mugimenduekin ibaiaren bidea hautsi zuen eta ur-jauziak sortu zituen.


Bestalde, Tarobá eta Naipí harrapatu zituen. Alde batetik, Taroba jauzien gaineko zuhaitz bihurtu zuen. Bera “Garganta del Diablo”-n ezkutatu zen. Hortik zaintzen du neska eta mutila elkar ez daitezen.


Baina, esaten dutenez, batzuetan ostadarra agertzen da maiteminduak elkartzeko. Ostadarri esker, Tarobák eta Naipík sugearen boterea menderatzen dute.

Astalarraren lorearen kondaira

Argentinako iparraldean, lur lehor haien erdian, “kaktus” handiak, zaintzaileak balira bezala, jaiotzen dira. Astalarrak esaten diete herrikoek.

Oso landare arruntak direnez gero, zaharrek kondaira batzuk kontatzen dituzte astalar lorearen jatorria azaltzeko.

Dirudienez, orain dela urte asko, “Puna” lurraldean, bizi zen bikote maitemindu bat.

“QUEHUAILLU” eta “PASANCANA” ziren gazteen izenak.

Bakoitzaren gizarte-ingurunea desberdina izan arren, goizetik gauera elkarrekin ibiltzen, batak bestearenganako erakarpena eta konfiantza sentitzen zuten eta.

Pasancana “tribu”ko nagusiaren alaba zen; mutila, berriz, jatorri xumeko famila batetik zetorren.

Neskaren aitak, alabarentzat hobea zelakoan, beste mutil bat aukeratu zuen Pasancanarekin ezkontzeko, baina alabak ez zuen maite.

Neskak bazekien aita umore txarreko gizona zela eta beren maitasunaren kontra zegoela, horregatik egun batean, eguzkia zeruan ezkutatu baino lehen, Quehuaillurekin mendietarantz ihes egin zuen.

Bikotea oinez luzaroan ibili zeneta ilargia agertu zenean, mendigorako mendi tontorreko harri handi batean eseri ziren, oso nekatuta.

Bitartean, Pasancanaren aita etxez etxe alabaren bila zebilen, baina bikotea ez zegoela konturatzean, gizonik bulartsuenak elkartu zituen eta arin-arin bilaketa antolatu zuen.

Ilargiaren argia aprobetxatuz mendietarantz irtenarazi zituen.

Gazteek mendiaren tontorretik ikusi zitzaketen eta oso larria zela zekitenez, “Pachamamari” deitzea erabaki zuten.

Patxamamak gazteen mina ulertu eta babestu nahi izan zituen.

Gizonak tontorrera heldu zirenean, ez zuten bikotea aurkitu.

Hurrengo egunean, Quehuaillu agertu zen bere “pontxo” berdea jantzita, baina kaktus handi bihurtua. Barruan, maitea zeukan...

Horrela, gizonek ezin izan zituzten ezagutu eta etxera itzuli ziren.

Harezkero, udaberriro, Pasankanak eguzkia eta zerua ikusi nahi ditunean, “kaktusaren” barrutik sortzen da. Bera da kaktusaren lore zuri ederra.!!!!

Landareak eta loreak mendiko bakea elkarrekin gozatzen dute; inork ezin ditu banatu, eta beren amodiozko istorioa zabaltzen da Punan zehar, Pachamamari esker.

Matea



Matea edaria da. Hori egia da. Baina ez da egia borobila. Edariak egarri izaten garenean hartzen ditugu; matea, berriz, bakarrik egoten garenean, edo lagunekin egoten garenean, edo ikasten dugunean, edo lanean ari garenean, edo deskantsatzen ari garenean…



Bai, badakit: hori ez da definizioa. Ura ere har dezakegu lanean, kafea ere edan dezakegu lagunekin, ardoa ere bakarrik egoten garenean… baina ez da gauza bera. Urak ez bezala, mateak badu edateko modua. Kafea ez bezala, matea ez da bukatzen. Ardoak ez bezala, mateak ez du mozkortzen.


Zein da desberdintasuna? Zein da berezitasuna? Zergatik edaten dugu


argentinarrok eta uruguaitarrok egunero eta, gehienetan, egun osoan-?



Matearen helburua partekatzea da:


- Etxera etortzera lagun bat gonbidatzen dugunean, erabiltzen dugun esaldia da “Etor zaitez mate batzuk edatera” . Eta horrela pasatzen dugu arratsaldea, matea edan eta edan, eta gure gauzak kontatzen. Mateak erritmoa finkatzen du: edaten ari denak entzun egiten du, edaten ari ez denak hitz egiten du. Eta minutu bat geroago, rolak aldatu egiten dira


Lanean ari garenean, matea hartzeak arindu egiten du lana.



Bulego batean edo lantegi batean matea edateak lankideen arteko harremanak estutzen laguntzen du. Gainera, lana hobeto egiten da, matea hartzeko ez delako beharrezkoa bost minutuan behin etetea. Kafea hartzen dugunean, kikara berehala bukatzen da eta beste bat hartzeko lana eten behar izaten dugu.


- Mateak ere geure buruarekin partekatzeko balio du. Arraroa eman dezake, baina bakarrik egotea batzuetan gogorra izaten da. Matea kidea da momentu horietan. Izan ere, laguntasuna da bakarrik lan egin edo ikasi behar dugunean.


Mateen artean, pausua egiten dugu pentsatzeko. Nekatuta sentitzen bagara, mateak geldialdia harrraziko digu, yerba aldatzeko edo ur gehiago bilatzeko.



Matea ondo prestatzea ohituraren zati inportantea da. Matea ondo prestatzen ez dakiena ez da benetako mate-zalea. Bakoitzak bere sekretuak ditu mate gozoa egiteko. Hona hemen aholku batzuk:


Urak 85 gradutan egon behar du.


Urak irakiten badu, ez du balio, matea “garbituko” delako. Mate gozoan, ura eta yerba lotuta daude; garbitzen bada, yerba behean gelditzen da eta uretan yerba-zatitxo batzuek “igeri egiten” dute. Gainera, edaria zaporea galtzen du.


Yerba paketetik ateratzen denean, hautsa ere ateratzen da.


Hauts horrek matea garbitzen du. Orduan, yerba matean ipinita, esku bat jarri behar da matearen ahoan, eta astindu egin behar da. Horrela hautsa eskuan geratuko da, ez matean.


Matea luzeagoa egiteko, ura poliki-poliki jarri behar da, yerba guztia busti gabe.


Zergatik da hain inportante matea ondo prestatzea? Errespetuarekin lotuta baitago. Ez da atsegina mate garbia edo hotza ematea; bestalde, guk barkamena eskatzen dugu matea garbitzen bazaigu.

Antza denz, kafea edonorekin edan dezakegu, baina matea maite ditugunekin besterik ez. Ni ados nago esaldi honekin. Norbait matea hartzera gonbidatzea maitasuna hastera gonbidatzea da.

viernes, 9 de noviembre de 2007

Matea ondo prestatzeko aholkuak


Hego Amerikan, matea edatea oso aintzinako ohitura da, eta oso hedatua. Edari hutsa ez ezik, komunikatzeko modua ere izaten da. Lagun artean matea partekatzea hegoamerikarron komunikazio- sinboloetako bat da.

Mate yerba, belarra, infusioa ontzi batean zerbitzatzea da modu ezagunena. “Mate cebado” deitzen da eta erabiliena da. Matea prestatzeko era asko daude. Batzuek azukrearekin edo beste zenbait osagairekin prestatzen dute, beste batzuek mikatza zerbitzatzen dute, baina zein mikatza zein gozoa mate ona prestatzeko sekretua ez dago hor, prestatzeko moduan baizik.


Nola presta genezake mate ona? Mate mikatza prestatu nahiko bagenu, errezeta hau jarraitu beharko genuke:



  1. Kalabazazko mateak eta irekidura handia daukatenak egokienak dira.

  2. Kalabazak prestatu behar dira. Horretarako, modu ezagunena da: matea garbitzea, yerbarekin betetzea eta ur beroa jartzea. Prozesu hau hiru egunez behin errepikatu behar da eta gero ondo garbitu eta lehortu behar da matea.

  3. Urrezko ahokoa daukaten bonbillak hoberenak dira.

  4. Matearen hiru laurden bete behar da.

  5. Eskua irekiduran jarri eta suabe-suabe mugitu, irabiatu behar da. Gero, matearen alde bateraino yerba mugitu behar da.

  6. Hasieran, yerba gutxiago dagoen matearen aldean ur epela bota behar dugu, poliki-poliki. Apur bat itxoin eta pauso hau errepikatu behar da. Yerba ura hartu ondoren, alde berean, beheraino bonbilla sartu behar dugu.

  7. Ura berotu egin behar da, baina inoiz ez da irakin behar. Hori gertatuz gero, ur irakina bota eta ura berriro berotu behar da, bestela, aldu egingo dugu yerba.

  8. Matearen leku berean ura bota behar da eta ezin da bonbilla mugitu. Eta kontuz! Matea ez dugu gehiegi bete behar!

  9. Aholku hauek jarraituz gero, matea suabeagoa eta atseginagoa izango da, bonbilla ez da buxatuko eta denbora luzean matea hartu ahal izango dugu.

  10. Mate azukrearekin, edan nahi badugu, bota koilarakada laurden azukre mate bakoitzean, ura jarri baino lehen.

  11. Matea edaten bukatu ondoren, beti ondo garbitu eta lehortu behar da ontzia.


Matea edateko beste modu batzuk



Tereré: Beroa hobeto jasateko, Paraguain, Argentinako itsasertzekoan eta Chacoko probintzia argentinarrean, tereré, ur hotzaz prestatuta hartzen duten matea oso ezaguna da.


Mate egosia: Landa-guneetan mate egosia derrigorrezko gosaria da. Ontzi batean, 80 gramo yerba ur litroko jarri behar da eta gero yerba ontziaren behera jalki ondoren, ur hotz pixka bat bota behar da. Bai esnearekin bai hutsa edan daiteke, eta nahi baduzue azukrearekin ere bai.


Mate egosia hotza eta limoiarekin ere zerbitzatu daiteke, freskagarri bezala.


Gaur egun, supermerkatuetan iragazki paper txikietan saltzen da yerba, tea bezala eta modu horretan, errazagoa da mate egosia prestatzea.


Beste sendabelar batzuekin: Sendabelar batzuk gehitzea yerbara edo uretara posible da. Adibidez, peperina, melisa, menta, txortalo (poleo), koka, fucusa eta abar


Beste osagai batzuekin: Sendabelarrak ez ezik, beste osagai batzuekin ere presta liteke matea. Adibidez, nahiz limoi edo laranja zukuz nahiz azalaz, kafeaz eta batzuetan edari alkoholdunekin. Ginebraz edo agua ardientez prestatzen dena “cimarrón” deitzen dute.



jueves, 8 de noviembre de 2007

Caa Yar edo Caa Yarí

Materaren inguruan elezahar, leienda, ugari dago. Baina, ziur aski, kontatuko dudana da ezagunena. Guaraniengandik jaso dugu elezahar eder hau: “Caa Yar edo Caa Yarí”. Orain dela denbora asko Tribu batek bizi zen lekua uztea erabaki zuen. Hor abiatu ziren, beraz, lur berri eta aberatsen bila.

Bazen taldean, izugarri saiatuta ere, tribuari jarraitu ezin zion agure bat, Yar zuen izena. Nekearen nekez, tribukoak utzi eta zegoen lekuan geratzea erabaki zuen. Bere alabak, aita horrela ikusita, uko egin zion tribukoekin jarraitzeari eta han geratu ziren biak. Yari zen alabaren izena.


Yarek etxe txiki bat eraiki zuen bere eskuekin, eta han geratu ziren biak bakarrik. Egun batean, gauez, oso izaki arraroa agertu zitzaien. Nahiz eta agertu zen gizona ezberdina izan, Yarík eta Yarek ondo hartu zuten, eta jaten eta edaten eman zioten.

Izaki arraroak Tupen Jainko onaren partetik opari bat eman zien, esker ona adierazteko: landare berezi bat sortu zuen eta Yari izena eman zion.

Baina, ez zen hori guztia, gehiago era bazen: aurrerantzean helduko zen jendeari ongietorria emateko edaria nola prestatu erakutsi zien aita-alabei. Horrela bihurtu zen Yary, agure zaharraren alaba bihozbera, landarearen babesle.

Yariren bihotz on eta eskuzabaltasunari esker, etxe hartatik pasatakoek zabaldu zuten landare kutuna munduan barrena.

martes, 6 de noviembre de 2007

Matearen esangurak


Dudarik gabe, matea edatea antzinako ohitura da. Paraguain, Argentinan, Uruguain asko edaten da; Brasilen eta Txilen, ordea, leku txikietan eta jende gutxik edan ohi du. Hemen bai familian bai lagunen artean ez daiteke falta. Edozein ordutan hauxe da gure edaririk kutunena. Pentsa, bakarrik bizi den jendearenzat ere laguntzaile ona da!

Matea edateko eta zerbitzatzeko ohitura asko ditugu eta kontuz egin behar dira gauzak. Matea prestatzen hasi behar baduzu, ongi etorriko zaizu segidakoa jakitea:




  • Mate hotz-epelak mesprezua, gutxiespena, adierazten du.


  • Zaporereik gabeko mateak...gogogabetasuna, gogo ez.


  • Ur irakinarekin prestatu den matea bekaizkeria da.


  • Mate apardunak estimua adierazten du.


  • Mate mingotsak, berriz, leialtasuna eta argitasuna.


  • Mate erruda-hostoekin maitasunarentzat da egokia.


  • Lehenengo matea ergelarena da, orduan banatzaileak edan behar du beti.


  • Bonbilla tapatzen bada banatzailea maiteminduta dagoela esan nahi du.


  • Banatzaileak ezkerrean dagoen pertsonari ez diezaioke eman, errespetu gabea da. Beti eskuinaldetik hasten da banatzen.


  • Liluratzekotan , begiarekin keinu egin bitartean, begiak kliskatu bitartean, edan behar da matea. Hau sorginkeria hau!


  • Gogoratzeko: azken matea edan ondoren beti eskerrak eman behar dira.


  • Beno, matea edatera joan behar dut igandea baita; nire errezeta onena dela lesaten dute lagunek, egia ote da?.... Beti ni naiz banatzailea! Hurrengo batean aholku eta kontu gehiago.

Matearen historia puska bat



Mate hitza quichua (Inperio inkaren mintzaira) hizkuntzatik dator eta kurkubita erran nahi du, espainolek erabili zuten hitz hori guaraniarrek caiguá (kaá=belarra eta iguá=ura) deitzen ziotena Izendatzeko.

Guaraniarrek auskalo noizdanik erabili zuten caá deitzen zioten landarea

-gaur ilex paraguayensis zientifikoki ezagutua- pizgarri gisa.

Horretarako hasiera batean belarra gordinik nahiz erreta urez lagundurik murtxikatu ohi zuten, nola nekezia edo beroa baztertzeko, hala izpiritua erritualetan goratzeko.

Europarrak heldu zirenean guarani etniako sorginek erabiltzen zuten holako belarra, batez ere, helburu izpiritualekin eta ongi gorderik omen zeuzkaten landare horren botereak. Baina Europatik heldu zen elizak “egiazko fedearen” izenean caá erabiltzea debekatu zuen ilex paraguaiensis horren ustez “deabruaren belarra” baitzen.

Halere jesuitek guarani herriak menperatu bezain sarri ( Koroaren baimenarekin “fedegabeak” giristinatu eta zibilizatzera joan omen ziren) jokabidea aldatzea erabaki zuten, zeren langileak bai eguzkitan bai negu gorrian jo eta ke lanean edukitzeko belar hori komeni zitzaiela laster ikusi baitzuten, horregatik belarraren erabilera barreiatu zuten herri osoan. Horrekin bukatu zen belar horren sorginen jabetza eta bide batez guaraniarrentzat zeukan zentzu kulturala.

Jesuitek asmatu zuten bada gaur ezagutzen dugun “matea”, hau da murtxikatu ordez belar-ura egiten hasi zirela eta horretarako kurkubita bat erabili zuten “bonbilla” deitzen den metalezko tutu batez lagundua.

Udan hotz edan zitekeen eta neguan bero, horrela pizgarri hori gizarte maila eta adin ororen artean zabaldu zen eta Andeetako coca bezalaxe bertakoak lan eginarazteko bizigarri gisa barreiatu zen matea. Jesuita europarrak ere edaten hasi ziren uda pairatzeko edo, ontzi finagoetan noski, horrela sortarazi zituzten matearen inguruko zilar-eskulanak.

XVIII mendean Paraguai eta Uruguai ibaien artean dauden oihanetatik jesuita guaraniar batzuek hegoaldera jo zuten abeltzaintzaz bizitzeko eta haiekin matearen ohitura Parana Guazú edo Parana handia ibairaino (egun “Rio de la Plata “ bezala ezagutua) ekarri zuten.

Guaraniar horiek bere iloba gautxoari utziko zioten matearen ohitura.

Gauza jakina da Rio de la Plataren bi ertzetan gizaki berezi bat sortu zela “gautxoa” XVIIIgarren mendean erraten zuten bezala; gautxoa zen jainkorik gabe, erregerik gabe eta legerik gabe bizi zena, gizarte “errespetagarriaren” baztertua bizi zena alegia, “indioek” nahiz europarrek ez zuten gautxoa maitatu. maite

Ez guaraniar eta ez europarra, aro horretako tipo berri bat zen, gehienetan aita espainol nahiz portugaldarra eta ama guaraniarra izaten zituen. Hau matea barreiatzeaz arduratu zen eta XIXgarren mendean Paraguai eta Uruguai osoan ez ezik, Brasilgo hegoaldean, Argentinaren erdian eta Txilen ere ezagutarazi zuen. Garai horretatik gautxoen kulturari atxikia geratu zen matea nahiz eta bere sorterrian (egungo Paraguai eta Argentinako Misiones probintzian) iraun.

Matelari berriarentzako aholku batzuk

Matea edaten hasteko matelariak (matean aritzen dena) mate-ontzi bat beharko du. Badira gustu guztietakoak, ttikiak nahiz handiak, sinpleak eta edergailuz beteak,(Jesuitek zilarrezkoak bazituzten) tradizionalak eta zibernetikoak, garestiak eta merkeak. Dena den, edozeinek erosi berria baldin bada tratatze bera eskatuko du: “ontzea”.

Mate bat ontzeko hona hemen egin behar dena: lehenik eta behin barnean daukan azala goilare batez kendu beharko da, oso azal mehe eta gurbila da hau baina kendu ezean edariari zapore garratza eman diezaioke.

Barneko azala kendurik mate-kurkubitak duen usaina kentzeko eta zankez “urantzeko” mate-belarra jarriko diogu eta honi ur beroa gehituko diogu belar guztia bustirik ikusi arte.

Utziko dugu minutu pare batez belarra ura xurgatzen eta bombilla batez kenduko diogu (xurgatzen) soberan dagoen ura, irentsi gabe noski, ura bota egin behar da. Hori eginik belarra bustirik geldituko da eta horrela utziko dugu gau oso bat. Goizean belar zaharra kendu beharko da eta garbitu gabe kurkubita lehortzen utziko da; lehortu orduko, horretan bai urez garbi liteke eta edateko prestik prest egonen da.

Ñapur batzuek –mate sinple eta erosi berria izanez gero- kanpotik ere “ontzen” dute kurkubita, horretarako behi koipea emanen diogu azalari eta suaren gainetik igaroko dugu erabiltzaileak nahi duen kolorea hartu arte.


Gaur oso jende gutxik daki mate-edaria ongi prestatzen, zeren badira jarraikitzeko urrats batzuk gehienetan presaka ibiltzeagatik alde batera uzten direnak. Lehenengoa noski belarra mate-ontzian ezartzea da, baina hor ur epel puskaño bat gehitu behar dugula ahantzi gabe, belarrak ura har dezan, urrats hau belarra “puztea” da; hau egin ondoren bakarrik gehituko dugu ur irakina.

Matelari berriek, mate “fast” nahiago dute noski, karriketan bizi diren gehienek ur irakina jartzen diote belarrari eta horren ondorioz belarrak ez du zaporea ematerik, ez eta bitsa sortzerik, horrela belarra “erre” egiten baita.

Gauzak behar diren bezala egiteko beti ur epela eman ondoren ipiniko diogu ur beroa, eta urez beterik utzi beharko dugu belarra xurgatzen minutu pare batez; orduan sartuko diogu “bonbilla” eta edateko prest egonen da.

Bitxikeriak eta bertze

Bai zelaian bai hirian, karrika nagusietan nahiz bazterretan, hala hondartzan nola basoan, lan egiten ari garenean nahiz jai-egunetan –paseatzean bereziki- uruguaitarrak matea edaten du.

Ez da harritzeko bada Uruguai munduko mate-belarraren kontsumitzailerik handiena izatea, eta uruguaitar batek urtean 50 kilo mate edo gehiago kontsumitzea. Belarra ekoiztu ez arren urtero 200-000 kilo kanporatzen ditu munduan zehar dauden uruguaitarrentzat.

Gutti balitz, Uruguain baditugu matearen inguruko espresuki sorturiko bi asmakizun: “termo-a” eta “sum-a”.

Termoa ur irakina eramateko ontzi bat da, aho aproposa dauka mate-ontzian ura xortaka ongi eta emeki sartzeko moduan, hau da kurkubitañoak eskatzen duen neurrian eta matelariaren eskua ur beroarekin erre gabe.

Lehenengo aitzinapen teknologiko hau ez da Uruguaitik kanpo oso ezaguna, bertze lekuetan adibidez gehienek ura berotzeko zein matea edateko tresna bera darabilte: pertza, hau bitxikeria da uruguaitarrontzat, zeren horrela ez dago matea edanez paseatzerik, porteñoak konparazione nahiko matelari geldi edo estatikoak iruditzen zaizkigu.

Uruguaitarra famatua da munduan zehar termoa besapean matea edanez ibiltzeagatik, egungo publizitate batek trufatzat hartu du ohitura hori uruguaitarra gauzak oro esku batez egiteko gai dela erranez zeren bertze esku eta besoa termoa eramateko eginak baitira.

Bigarrena benetan bitxia da, patentea duena eta guzti, eta nortasun ikurra dudarik gabe, hots, argentinarrek nahiz guaraniarrek ura berotzeko lehenik ontzi bat berotu behar dute, pertza, horrela beroa ontzitik uretara joaten da. Uruguaitarrok alderantziz ura bera berotzen dugu ontzia ukitu gabe; Eskual Herriko antzinako artzainak esnea kaiku batean harri gorriz berotzen zuten bezalako zerbait eginez. Honetarako sum-a asmakizun xelebrea dugu, hau da termo barnean sartzeko erresistentzia elektriko txiki bat entxufe batez gorri- gorri jarririk ura berehalaxe berotzen duena. Ohituraren izenean beraz ur ionizazioa dugu; osasunerako kaltegarria bezain folklorikoa!

Nortasun montebideotarra azaltzeko ez dago adibide ederragorik, egiazki ez dago hiriburu honetako izpirituen ikur esanguratsuagorik. Egun, batek daki zein bulegari publiko irudikorri zor diogun asmakizun hori eta zer egin genezakeen hori gabe! Nola konpon litezke matelari lepo-zuriak sumik ez balego?

Estatu uruguaitarra ibil liteke hori gabe?

Serioski bukatzeko eta matearen alde soziala ez ahanzteko Daniel Vidart hemengo antropologoa ekarriko dut; honek dio:

“...matea prest, eman eta edateko liturgia eta keinuen gibeletik bizitza eta munduaren begirada bat dago...mateak criolloareisolatzeko joera hausten du....gizarte mailak berdintzen ditu...Aro guztietan matea izan da erronda egin duena”

Ez da gutti bada mate xume batek lor dezakeena berari hitza ematen badiogu, isolamendua gero eta handiagoa den garai honetan ez litzateke gaizki matea bezalako ohiturak munduan zehar berpiztu edo sortaraztea.