lunes, 29 de octubre de 2007

Matearen historia


Espainiarrak heldu aurretik, Hego Amerikako jatorrizko herrietako batek, guaraniek, “yerba mate” landarea dagoeneko ezagutzen zuten.

Hostoak txikitu eta gero, mastekatzen zituzten edo ontzi batean infusioa prestatzen zuten. Aborigenen artean, “CAÁ” zen hostoen izena eta ontziak “CAIGUÁ” izena zuen. Infusioa kanabera txiki batean zehar zurrupatzen zuten; “TACUAPÍ” guaranien hizkuntzaz eta “bombilla” gaztelaniaz deitzen zioten tresna horri.

Kalabaza txiki bat erabiltzen zuten ontzi bezala, barruan jartzen zituzten “yerba”ren hostoak eta ur beroa gehitzen zieten.

Amerikako beste herri batek, kitxuek, “matí” esaten zioten kalabazari eta hortik dator "matehitza, gaur egungo izena. Agian, espainiarrei errazagoa iruditu zitzaien hitz kitxu hori gogoratzea...

Ruiz Díaz de Guzmán historialariak, 1612an, “Breve Historia de Etapas de la Conquista” liburuan, Hernandarias Gobernariak landare hori aurkitu zuela azaldu zuen.

Badirudi 1592an, Hernandarias menderatzaileak atxilotutako aborigenen poltsetan hosto horiek ikusi zituela. Guaraniek “yerba” mastekatzeko ez ezik, zeremoniak antolatzeko ere erabiltzen zutela jakitean, deabruaren gauza zelakoan, hostoak kontsumitzea debekatu zuen.

Geroago, Misiones probintzian, Jesuitek “yerba” landatu zuten baina bonbilaz mesfidatzen zirenez gero, tea infusio bezala prestatzen zuten. Horrela, Europan infusioari “Jesuiten tea” deitzen zioten; gaur egun ezagutzen dugun izena “mate egosia” da.

1645tik aurrera, Jesuitek produkzioa antolatu zuten baina bi mende geroago, Carlos IIIak Amerikatik egotzi zituenean, guaraniek uzta egiten jarraitzen zuten baina produktuaren merkataritza ahuldu zen.

Argentinan, XVIII.mendearen bukaeran, matea klase sozial guztietan zabaldu zen. Buenos Airesen, familia bakoitzak bere “cebadora de mate” zuen eta batzuetan, bi neskame zituen matea prestatzeko: batak mate gozoa eta besteak mate mingotsa zerbitzatzen zuen.

Urte asko pasa ondoren, matea edari berezi, edari tipiko bihurtu da gure artean. Ontzia eta bonbila aldatu dira: askotan, jatorrizko kalabazari zilarrezko apaindurak gehitzen dizkiote eta egurrez, metalez eta portzelanaz egiten dituzte.

Ontzi txikia ala handia, sinplea ala apaindua, gure matea ez da bakar-bakarrik edari bat. Askoz ere urrutiago heldu da. Kondaira batek esandakoaren arabera, Jaungoikoak “yerba mate” landarea sortu zuen, egarria ase arte edateko, minari lasaigarri ona emateko, gizon bakarrari laguntzeko eta opari emankorra bisitei eskaintzeko. Beraz, Argentinar eta Uruguaitarren artean, matea hartzea erritu bikaina da, lagunekin komunikatzeko aukera berezia eta hitz egiteko eta entzuteko astia da.

No hay comentarios: