lunes, 12 de noviembre de 2007

Ñandubay

Ñandubay hitz guaraniarrak Paraguai, Argentina eta Uruguaiko baso subtropikaletan sortzen den zuhaitza izeneztatzeko balio du. Zuhamu hau oso ezaguna da bere sendotasunagatik, oso zur noblea dauka, gogorra bezain fina, ia ustelezina eta horregatik oso preziatua eta guaraniarren garaitik errespetatua da. Hona hemen guaraniarren mitologiatik Uruguaiko eskoletan kontatzeko harturiko bertsioa, erromantiko samarra, alegia.

Orain dela anitz urte buruzagi bihotz gogor batek menperatzen zuen guaraniarren tribu bat, Corumbé zuen izena. Benetan ankerra zen eta bertzeen dohakabeak ez zuen nehoiz hunkitzen. Buruzagi gogor hau ezin ederragoa zen neska baten aita zen, Ivotí izenez, herriaren gudari onenei loa kentzen zien neska.

Gudari azkar horien artean gainditzen zen Umandaý, bortitzetan bortitzena, korrikan guazuvirá oreiñoa bezain arina; geziak jaurtitzeko jaguareté edo jaguarra ehizetan bezain trebea, eta behatzeko belatzekin ere lehia zitekeena.

Ivotí eta Umandaýk elkar maite zuten, baina isilpean aita krudelak kusi gabe, ezkutuan.

Denbora luzez itxaron eta etsipen asko bizi ondoren, arrats batean maiteminduek lkar ikustea lortu zuten, bakarka, oihaneko soilunean buruzagia ihes egitera joan zen behin batean.

Behiala elkarren ondoan hain eztiki eletan eta maitasun hitzak trukatzen ari zirenean, ahantzirik zeukaten Corumbé agertu zitzaien, une ederra oihuz eta keinu izugarriz ebakitzekoz.

-Traidorea! - oihu zion buruzagiak gudari gazteari. Oraintxe bertan hilen zaitut suge bat bezala!

-Zure alabarekin ezkondu nahi izatea eta maitatzea ditut hoben bakarrak eta horrengatik hilen nintzateke , ez dut neure burua defendituko.

Orduan Corumbék bere barnean sortu ohi ziren ideia krudeletako bat bururatu zitzaiolarik erran zuen: Proba bat eginen dugu nire alabarentzat duin zaren jakiteko; leku honexetan zutik egon beharko duzu, higitu ere egin gabe, ni hiru egunen buruan itzuli arte. Agindua jarraiki ezean hemen utziko dudan guardiak gezikadaka batez hilen zaitu berehalaxe, zutik irauten baduzu ordea ene alaba zuretzat izanen da.

Gudari gazteak bere kemena maitasunez handitua zeukanez zutik pairatu zituen, nola egunaren beroa hala gauaren hotza. Udako iguzkiaren izpi errabiatuek bere burua jotzen zuten, ezparek beraien eztenak sartzen zizkioten eta beleak buru gainetik hasi ziren hegan egiten, alta tinko zegoen Umandaý.

Egunsenti eta gauen kontua galdurik, nekezia hasi zen azkenean gizona harrapatzen eta zangoak ahultzen hasi zitzaizkion. Epea konpliturik, nahiz eta bere lekuan zutik iraun, Umandaýk ezagutza galdua zeukan eta ez zen ohartu denboraren iraganaz.

Bortz egunen buruan agertu zen bihotz gabeko buruzagia, baina gazteak ez zuen arnasik hartzen jadanik, zutik egon arren hilik baitzegoen. Haserredura eta ikararen artean Corumbé pusaka saiatu zen gaztea erorarazten, baina alferki. Lurrera so eginez Umandaýren oinak erroak ematen zutelaikus zezakeen, zangoe k ordea, bat eginik azal beltzezko enbor sendo bat osatzen zuten, begirada goratuz burutik nahiz besotik arantzez beteriko abarrak sortzen zitzaizkiola ikusi zuen.

Horrela sortu zen lehenbiziko Ñandubaý zuhaitza. Guaraniarrek Tupá deitzen duten zeruko Jainkoaren eskutik , honek gaztearen kemena saritzeko zuhaitz bihurtzea erabaki baitzuen, geroko guaraniarrek Umandayren bortiztasunaren oroimena bizirik gordetzeko asmotan.

No hay comentarios: