lunes, 26 de noviembre de 2007

Nolakoak gara uruguaitarrok?

Asko aldatu dira uruguaitarrak Hudsonek, bidaiari anglestarrak, “Purpurazko lurra” idatzi zuenetik. Garai haietan, XIXgarren mendearen rdian Uruguai sortu berria zenean, uruguaitarrak nahiko barbaroak ziren europar horren arabera, eta lurra odolez blai zegoenez purpurazkoa bataiatu zuen Hudsonek poetikoki.

Garai haietan abeltzantzaz bizi ziren “ekialdetarrak” -horrela zen uruguaitarrek zuten lehen izena, Uruguai ibaiaren ekialdean bizitzeagatik- beti labana luze izugarria txanponez ederturiko gerriko zabal batean, borrokan sartzeko nahiz kitarraz bertsoak botatzeko beti prest. Zaldia oso garrantzitsua izan zen, oinez ibiltzea garai haietan pentsaezina baitzen eta matea noski.

Lehenengo uruguaitarra- gautxo haserrekorra eta borroka zalea omen zen, norberaren harrotasuna errazki iraindua sentitzen zen eta hori defendatzeagatik frangotan elkar hil zuten bizia bera ez baitzen balio handikoa.

Uruguaitar hauek ez zekiten lan egiten, ez baitzen beharrezkoa. Lurra behiz beterik zegoen eta bizitzeko beharrezkoa zena hartzearekin nahikoa zen, horregatik Hudsonen bertze “zibilizatuek” bezala alfertzat hartu zuen ekialdeko gautxoa.

Gautxoak ez zuen zertan lurra landurik ezta elizara joanik ere, Estatua espainola nahiz gero Montebideotik sortu zena etsaiak zituen, horregatik elkartasunik gabeko gizakia, basatia eta odoltsua zela dio bai bidaiarien erranak bai bertako hiritarrenak.

Hau aintzinako gauza izan arren, historiaren “iraupen luzean” bizitzen dela nerrake norberak sozialki edota sinbolikoki dituen ikurretan eta jokabide batzuetan.

Egun bertako bat ezagutzen duenak ez du gautxo libre eta basatia ikusten, dakusana erabat ezberdina da, halere iraute ikusgarri batzuk badira, harritzekoak; oroit ditzagun bada bi gako: alferretan ibiltzeko joera eta hitzekin jokatzeko trebezia.

Segidan marra azkar batzuetan egin genezakeen erretratua.

Non dago gaur Hudsonen gautxo basatia? Lanarekiko mesprezuan. Hemen zerbait egin nahi dudanean erotzat hartzen dute: “zertarako hainbeste lan? hobe duzu gauzak horrela uztea” erranen dizute.

Lehenengo gauza hau bizirik dagoela erran behar da, horregatik enplegu publikoa da jende askoren helburua, hortxe dabil subkontzientean panpetako gautxo librea, kalparra lau haizetara, nagusirik gabe, deusik egin gabe eta matea edanez, nahiz eta orain bulego batean ilea mugitzen dion gauza bakarra udako arrats beroetan bentiladorea izan eta matea edateko pertza ordez “sum”a erabili.

Adaptazio batzuk baina gautxoa hor dago.

Uruguaitarra matezalea dela diote, eta hola da, ohitura gorde zuen uruguaitarrak, eta gehiago ere, sinbolo bihurtu zuen, sorterrian horren zalea ez dena hemendik kanpo segurrik matea edaten hasiko baita eta Eiffel dorrean derrigorrezko potreta aterako du, termo eta matea eskuan.

Orain ere gautxoen garaietan bezala etsaia larru dezake uruguaitar batek, baina adaptazioaz labana ordez bertze arma badu, lehena baino izugarriagoa: mihia, hemengo ironia eta bertzeen gibeletik mintzatzeko usadioren inguruan luze mintzo gintezke.

Alta, XX. mendean azken gautxoak lurperatu orduko bertze uruguaitar bat sortu zen, urdin-argia, futbolean jokatzeko darabilen elastikoaren koloreagatik horrela ezagutua.

Honek ere bere aztarna utzi zuen, uruguaitar, basoak utzirik, mundurat jalgi eta eta ezagun egin zen, txapeldu sentitu baitzen.

Munduan zehar futbolean ospetsuak dira uruguaitarrak, Europan batez ere futbolari ontzat dituzte eta historia zaharra izanagatik ezaguna da Uruguai lehen munduko txapelketan irabazlea izan zela Maracana futbolzelaian Brasili etxean txapelketa kentzeagatik.

Lor zaharrak dira irudizko Uruguai bertako zein atzerritarrentzat betetzen dituen istorioak.

Zeru kolorezko Uruguaitar hau Idazle batzuei esker ere ezaguna da gaur, Galeano eta Benedetti aipatzearekin bistan dagoen bezala. Honek irakurlearen barkamenarekin bertze ohar historiko batera narama.

900etik Uruguaik “herri-eredu” txikia eraikitzen saiatu zen eta honen ondorioak kultura mailan ikusten dira bereziki, baina honetan gautxo-ohiak ez zuen egiteko gauza handirik Europako etorkinek baizik: eskualdunak, italiarrak eta espainolak batez ere.

Estatua biribiltzeko bazeukaten jarraibide bat: Suitza.

Sorturiko Errepublika pairakor horri esker ez zen hemen Elizaren iluntasun eta errepresioa sofritu, eskola publikoa eta Estatu solidarioaren ekintzaz Amerikan irla bezala agertu zen Uruguai XX mendean eta bai bertakoek bai kanpotarrek “Amerikako Suitza” edo “zilarrezko kikara” deitzen zioten Latinoamerikako arazo gorriak hemen ez baitziren ezagutzen.

Horren ondorio batzuk bizirik irauten dute, gaur gizalegetsua bezain jakintsua da karrikako gizona, taxista batek adibidez badaki Rousseau edo Da Vinci nor ziren edo Varsovia non dagoen, Bushen politikaz mintzatzeko gai da eta are gehiago, ilosofian sartzeko joera izugarria badu, bidai bat ikastaro labur bat izan daiteke: hausnarketak, metodoak, hipotesiak, ondorioak eta guzti.

Hemen bizi den bertzeen ideiarekiko errespetua kanpotarrak beti azpimarratzen du, eta hau benetan eredugarria da, demokrazia hemen ez da hitz hutsa, barneratua dagoen kultura da benetan, eta mahai batean elkar daitezke eskuin eta ezkertiarra eta bere ezberdintasunak trufetan hartuko dituzte segur aski.

Hemen txikitatik ikasten dugu bertzeen iritziak errespetatzen eta oso txarrak iruditzen zaizkigu “egiaren nagusiak”.

Kanpora joaten denean uruguaitarra edozein arloan onena izanen da, bai iturgintzan bai Alzhaimerrendako sendabidea aurkitzerakoan. Hemen horrela jokatuko balute! Hemen ezin da horrela jokatu, herri txikia omen baita, aitzakiarik aipatuena da behintzat, ni gautxoaren hipotesia delakoan nago: lan gutti eta geure artean sabotaje asko.

Turisten ustez batez ere abegikortasuna edo xumetasuna dira lehenik nabaritzen diren nortasun ikur atseginak, kanpotik datorrena berehala etxean sentitzen da, hau ulertzeko erreza da Uruguai etorleek etorkinek eraiki baitzuten, hemen jende orok badu aitatxi europarra.

Zorionez oraino leku guztietako arrazek tratu bera dute, hala Kamerungo polizonte batek nola Peru eta Bolibiatik lan bila jaisten direnek, Koreako marinel pobreak eta Europar aberats xelebreak, munduan gertatzen diren gauzak ikusirik gauza hauetaz harro egon daitezke uruguaitarrak.

Hemen arraza eta erlijio guztiak ere mahai berean egon daitezke, aniztasuna edo pluralismoa baita hemengo bertze balore kutuna.

Halere erran behar da, kanpotarren aitzineko abegitasun handi horrek bere alde txarra daukala: hemengo gauzak arbuiatzea alegia, beti kanpotik datorrena hemengoa baino hobea omen da, nahiz eta ergelkeria hutsa izan, beti ukanen du lehentasuna, horrela hemengo abiamenak beti gerorako gelditzen dira.

Bertuteak alde batera utzirik Uruguaitarra izateak baditu kanpotik berehala ohartzen diren gauza txar batzuk ere: lehena ezkortasuna da, erran dudan bezala oso gutitan abiatzen da uruguaitarra, beti nahiago du geldi geratzea arriskuak hartzea baino, gauza bat ez egiteko hamaika arrazoi eta lanjer aurki ditzakeela.

Behatzaile ederra eta kritiko zorrotza bai, teorikorik onena, baina mateA eskuan behatzeko eta ideiak antolatzeko joera handiegia izanik, ez da batere ekintzaren laguna, gautxoa berriro! Konponbide batentzako hamaika arazo aurki ditzake eta solasketetan errazki galtzen du denbora, eta bera ere galtzen da. Batzuek ezkortasuna urrunago daramate tristetasuna kausitzeko, tristea omen da haientzat uruguaitarra, tango erritmo eta kulturan aurkitzen dute horrentzako adierazpena, ez dut uste azaltzeko hain erraza denik.

Uruguaitarra aspergarria da kanpotarren irudiko, eta dirudiena baino aspergarriagoa da: ez du kantatzen, ez du apustuak egiten, eta larriena, ez daki alaitasuna kanporatzen, tristezia kanporatzeko hamaika bide ezagutu arren; kexatzeko beti prest da, oro aihen eta ardurak, baina barre egiteko unean ohartzen da eskasia.Etorlearen herrimina edo gautxoen libertate galdua?

Gehiago ere banerrake: uruguaitar askok akats desatsegina duela honen inguruan, ez da gauzez irri egiten pertsonez baizik, horrela brometan sartzen denean krudela izan ohi da gehienetan, gautxoaren labana bezain meharrak dira hemengo mihiak.

Hemen egin dudana karikaturak dira bakarrik, baina bistan da historiak nahiz lurrak herri bakotxaren gauza on eta txarrak sortarazten dituela. Uruguaitarrarentzat mundua ikuskizun paregabekoa izateagatik nonbait antzokian bezala butakan eserita ikustea nahiago du, kritikoa litzateke, batzuetan zorrotzegia, eskualdunak konparazione kasu honetan ekintza nahiago du, aktorea litzateke. Bi herri hauek hobeki elkar ezagutuko balute, zer ez genezake egin?

Bertuteak ikasiz gero, noski, bertzenaz...

No hay comentarios: